Azkoitia BHIko jolastokia itxita egongo da egun hauetan bertan gauzatzen ari diren obrengatik, eta ondorioz, segurtasun-arrazoiengatik.
Prefabrikatutako moduluak jartzen ari dira hezkuntza zentroak espazio estali gehiago izan dezan zenbait jardueretarako. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila ari da lanak burutzen eta behin amaituta, berriro zabalduko da patioa.
Normalean Azkoitia BHIko jolastokia ireki egiten da asteburuetan, jaiegunetan eta oporraldietan gazteek gune bat gehiago izan dezaten euren aisialdiaz gozatzeko.
Frantziako Nanterre herriko L’Atelier Lyrique abesbatzaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da uztailaren 22an. Ikuskizuna Parrokian izango da 20:00etan.
L’ Atelier Lyrique de Nanterre, Saskia Salembier mezzo-soprano eta biolinista frantziarrak zuzendutako abesbatza da. Errepertorio zabaleko taldea da, barroko garaitik hasi eta gaur arterainoko musika hartzen baitu.
Dotore ospatu du gaur Anaitasunak Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zueneko 50. urteurrena. 1972-1973 denboraldiko jokalariak elkartu dira gaur egungo zuzendaritzako, Real Sociedadeko eta Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariekin orduko balentria ospatzeko. Bidelagun izan dute Kirol zinegotzi Igor Isuskiza. Oroigarriak, txapelak, bizipenak, emozioak, argazkiak eta txaloak izan dira nagusi. Aupa Anai! Horra iruditan ospakizunak eman duena.
Garbiñe Muguruzaren presentziak sekulako zalaparta sortu du arratsaldean Txerloiko tenis pistetan. Irribarretsu eta adeitsu. Horrela etorri da tenislaria neska-mutilez beteta zeuden Txerloiko instalazioetara, eta Muguruzaren saio magistralaz erruz gozatu ahal izan dute.
Ana Azkoitia alkatea buru dela egindako harrera ekitaldian, Garbiñe Muguruzari omenaldia egin zaioa aurreskua eskainiz eta lore sorta emanez. Alkatearekin batera, tenislariari ongietorria eman diote Karmen Zendoia eta Ainhoa Peña tenis klubeko arduradunek, eta Goizane Alvarez Kirol diputatuak.
Garbiñe Muguruzak azaldu duenez Azkoitira bisita "aparta izan da. Aurkikuntza bat. Ez nengoen Azkoitian izanda eta hona etortzeak eta aitarekin egoteak bere historia, bere bidaia, nondik datorren... hori guztia baloratzeko balio izan dit, eta berarekin partekatu ahal izateak sekulako ilusioa egin dit".
Jantzi zuri-gorriak soinean Sanferminetako entzierroa korritu dute udalekuetan parte hartzen ari diren haurrek. Iruñeko entzierroetako abestia kantatu eta udaletxeko balkoitik jotako txistua entzun orduko, lasterka atera dira umeak Herriko plazatik Oteiza Pilotakuetarantz.
Praka Motxakin udalekuetan dabiltzan 240 ume inguruk hartu du parte entzierroan.
Ospakizun eguna da biharkoa Anaitasuna Futbol Taldearentzat. 50 urte dira Afizionatuen Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zuela, eta balentria hura oroituko dute bihar. Meza egingo dute eta lagunarteko bazkaria, ondoren. Lorpena gogora ekartzeko, Portaleburu Eraskusketa Aretoan erakusketa antolatu dute eta ikusgai egongo da gaurtik igandera bitartean, ondorengo ordutegian:
Udalak eta Katulagun elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute katuen koloniak kontrolatzeko eta kudeatzeko. Kaleko katuen kontrola Udalaren eskumenekoa da, eta legez egin beharrekoa. Horregatik, egokia ikusi du Katulagunekin akordioa ixtea kaleko kolonien kontrol programa aurrera eramateko.
Katuak abandonatu eta kontrolik gabe abandonatzen direnean sortzen dira koloniak. Horrek higiene arazoak eta gaixotasunen transmisio arriskua areagotzen ditu, besteak beste. Arrisku horiek gutxitzeko edota saihesteko CES (harrapaketa, esterilizazioa eta askatzea) metodoa aplikatuko da. Metodo horrek animalien ongizatearen eta elkarbizitzaren arteko oreka bermatzea du helburu.
Ostiral honetan, uztailaren 7an, Garbiñe Muguruzak Txerloia Tenis Pistak bisitatuko ditu, eta bertako haur eta gaztetxoekin tenis saio bat egitera ere animatuko da. Ana Azkoitia alkateak egingo dio harrera Roland Garrosen eta Wimbledonen txapeldun izandako tenislari ezagunari, eta bidelagun izango ditu tenis klubeko ordekariak, ikasleak eta kideak.
Hitzordua 17:00etan izango da Txerloia Tenis Pistetan. Ongietorri eman ostean, tenislariak bertaratzen diren haur eta gaztetxoekin tenisean jolastuko du bere ezagutzak erakutsiz. Aurreikusitako jardueren artean daude jolasak, galderentzat tartetxoa eta oparien zozketa. Ordu eta erdi iraungo du Muguruzaren bisitak gutxi gorabehera.
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
1
|
2
|
3
| ||||
4
|
5
|
6
|
7
| |||
11
|
12
|
13
|
14
|
15
| ||
19
|
20
|
21
|
22
| |||
26
|
27
|
28
|
29
|