AEK-k martxan jarri du 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio kanpaina.«Herritarrei gogorarazi nahi diegu AEKn bidelaguna aurkituko dutela euskara ikasteko». Euskara hurbil, zu urrun heltzeko lelopean, herritarrak gonbidatu dituzte «euskara ikastera, euskara maila hobetzera eta euskara erabiltzen jarraitzera».

Euskara ikasteko aukera ugari eskainiko dituzte; besteak beste, aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza eta Online ikastaroak: «Horien bidez, herritarra dagoen txokoraino heltzen gara». Aukera guztietan, irakasleak «bidelagun» izango direla nabarmendu dute: «Irakasleok zuen ondoan gaude; daukagun onena eskainiko dizuegu zuek euskaraz ikasteko».

Gaur, irailaren 7a, Duchenne-ren Kontzientziaziorako Nazioarteko Eguna dugu. Azkoitian bada gaixotasuna duen haur bat, eta haren senideek eta Marea Urdinak elkarretaratzea deitu dute gaur 19:00etarako.
Udalak bere babesa adierazteko, udaletxeko balkoiak gorritu ditu puxikekin.
Gaur, GORRIZ.

Women Mediterranean Stages emakume txirrindularien campusa egingo da asteburuan Azkoitian. Bizikleta gainean duten abilezia eta ahalmena hobetu nahi duten emakumeentzat bereziki diseinatutako entrenamendu saioak eskaintzen ditu campusak, eta aldi berean, helmuga berriak ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen die, gehien gustatzen zaien moduan: pedalei eraginez. Halaber, jarduera aproposa da ibilbide berriak ezagutzeko. Udalak lagundutako ekimena da emakumeetan kirola sustatzeko xedez, profesionalak ez diren emakume kirolariak ahalduntzen lagunduz, eta toki ezberdinetako emakume txirrindulariak elkar ezagutzeko sareak eta espazioak sortuz.

Tags:

Udalak orokorrean festetako balorazio positiboa egin du, eta eskerrak eman dizkie elkarteei, taldeei, boluntarioei eta herritarrei. Hala ere, irmoki salatu du emakume batek taberna batean jasandako erasoa, eta antolatutako elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu herritarrak, "horrelako gertaerak onartezinak direlako". Emakumeak salaketa jarri du "ukituengatik".

 Aurtengo Andramaixek utzitako irudiak oraindik buruan ditugula, Udalak esker oneko mezua zabaldu nahi izan du, eta elkarteei, kolektiboei, boluntarioei, eta nola ez, herritarrei eskerrak eman, "jai alaiak izan direlako, eta jende askok hartu duelako parte, duen onena emanez. Oso giro ona izan dugu. Tamalez, jakin dugu emakume batek 18an taberna batean erasoa jasan zuela, eta horrek irakurketa gazi-gozoagoa egitera garamatza". Ukituengatik jarri du salaketa biktimak. Udalak irmoki salatzen du gertaturikoa eta antolatzen diren elkarretaratze edo salaketa ekintzetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.

Termometroak 39 ºC markatzen ditu eguzkitan, beraz koadrillek nahikoa lan dute itzalpea bilatzen gaurkoan. Bada eszenatoki azpian bazkaltzea erabaki duenik ere. Hala ere, bazkari herrikoiak jendetza erakarri du plazara, boluntarioek egindako paella dastatzera. Giroa, primerakoa.  Ikusi iruditan aurtengo Andramaixetako bazkariko irudiak.

IKUSI KOADRILLEN ARGAZKIAK HEMEN

Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketak baditu saridunak. Lezo-Pasai Donibanetik etorri den Ihintza Erauskin eta Danel Castillo bikoteak irabazi du lehenengo saria. Alaitz eta Aner Elorza azpeitiarrek bigarren saria etxeratu dute, eta Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru azpeitiarrek eraman dute hirugarrena. Ikuskizun aparta eskaini dute dantzariek. Zorionak!

Urtez urte, asko dira Inazio Iriarte Margo Lehiaketan parte hartzera Azkoitira gerturatzen diren kanpotarrak, baita bertakoak ere. Aurtengoa Azkoitiko Kultura Elkarteak antolatzen duen 40. edizioa izan da, eta arrakastatsua suertatu da. EAEtik, estatutik eta Frantziatik etorritako 23 lagunek hartu dute parte. Lehenengo saria Caceresera joan da, Federico Plasenciaren eskutik, aurkeztu duen margolana "modernoa delako, bere enkoadraketagatik eta argi-jokoarengatik". Bigarrena, Jose Miguel Arranz erandiotarrak irabazi du, eta hirugarren saria Azkoitian geratu da, Iñigo Bordak eskuratu baitu. 1.200, 900 eta 450 euroko dirusariak jaso dituzte, hurrenez hurren. 

Jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria egin dute gaur Elkargunean, urteroko hitzorduari eutsiz. Udalak lagunduta, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak antolatzen du gaurko eguna, eta bazkaltzeko 200 lagun elkartu dira gaurkoan. Estrainekoz Azkoitian izan da bazkaria, herritik atera beharrik izan ez zezaten omenduek eta familiek.

Ana Azkoitia alkatea izan da bertan, aurten 90 urte bete dituztenak edo betetzear dituztenak zoriontzeko, eta Udalaren babesa erakusteko. Horrela esan die: “Bizitza bera, ederra bezain zaila baita. Eta hori nahikoa azkar ikasten da gehienetan. Horregatik duzue merezita omenaldi hau. Bizitzak berak askotan jartzen gaituelako proban. Eta zuek hemen zaudete. Familiaz inguratuta. Gorabehera eta zailtasun guztien gainetik, hemen zaudete. Bizitzari kantatuz. Bizitza oso bateko eskarmentua eta jakituria dituzue. Bizitza oso bateko malkoak eta irriak. Bizitza oso bateko hitzak. Bizitza oso bateko maitasuna. Hori asko da. Asko da bizitakoa. Asko da gaur eta hemen ospatzeko duzuena, eta duguna”. Bizitzari heltzeko eskatu die alkateak omenaldia jaso duten gizon eta emakumeei.

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra