2021eko ekainean hasitako lanak proiektuan aurreikusitako hiru faseetako lehenari dagozkio. Azkoitia eta Urretxu artean GI-631 errepidearen trazadura hobetzea Aldundiaren obra estrategikoetako bat da, eta horrek dakarren inbertsio handiak erakusten du "eskualdeen garapen eta kohesiorako dugun konpromiso sendoa", Urola bailarako biztanleen aldarrikapen historiko bati erantzunez, Oiarbideren arabera. Obra osoa 50 milioi euro inguruko inbertsioa izango da, eta horregatik erabaki zen hainbat fasetan egitea, azaldu duenez.
Lehenengo fasea amaitutzat emango da behin betiko errodadura-geruza zoruan zabaldu eta dagozkion seinaleztapen eta baliza elementuak instalatu ondoren. Lehen balantzean, Oiarbidek azaldu du obra zaila izan dela, GI-631 errepideak jasaten duen trafikoa dela-eta; izan ere, 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute errepide hori egunero, eta ibilgailu horien %10 edo gehiago astunak dira. Hamahiru kilometro horiek berebiziko garrantzia dute milaka didari horientzat, segurtasuna eta erosotasuna hobetuko baitituzte joan-etorrietan. "Errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea ere funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero bidaiatzen duten langile guztientzat", gaineratu du Oiarbidek.
Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak azpimarratu du, bestalde, Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntza izan dela , denbora luzez, herritarrek gehien eskatutako jardueretako bat, eta Udalak gehien nabarmendu duen proiektuetako bat. "Azkoitirako berebiziko garrantzia du, gure erreferentziazko ospitalera iristeko errepidea delako eta Gipuzkoako Biribilgunearekin lotzen gaituelako. Obra garestia bezain beharrezkoa da. Lasaitasuna ematen du jakiteak egunero GI-631 errepidetik doazenek askoz ere errepide seguruagoa izango dutela", gehitu du.
Luquik alderdi ekonomikoa ere nabarmendu nahi izan du, errepidearen hobekuntzaren ondorioz; izan ere, "Urretxu Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen biribilguneko ardatz guztien erdian dago, eta lotura on batek lehiakortasun fisiko handiagoa ematen die herriko enpresei eta autonomoei". Era berean, azpimarratu du gorabeheren abisuen sistemak eraginkortasunez funtzionatu duela herritarrak jakinaren gainean jartzeko, obrak egiten ziren bitartean.
Errei zabalagoak eta segurtasuna handitzea
Lehen esku-hartzearen emaitza, amaitzear dagoen errepideko 1,3 kilometroetan, errepideko plataforma handitzea da, eta horri esker, aurretik zeuden bi erreien ordez hiru errei daude. Errai berri hori gaituta, 400 metroko aurreratzeko bi tarte egongo dira noranzo bakoitzean. Aintzane Oiarbidek gogorarazi du jarduketa horien helburua ez dela abiadura handitzea, baizik eta aurreratze segurua ahalbidetuko duten guneak prestatzea. Hainbat auzotako baserrietarako sarbideak ere hobetu dira, itxaroteko erdiko erraiak eraikita.